Aldundiaren Logoa

Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia

GazteBizz

Gazte Bizz logoa

Honakoan zaude:

BERRIAK

Udalekuak 2017 aurkespena

Bizkaimedia - 2017/03/14 - Aisia

Bizkaiko Foru Aldundiak proiektu pilotuak jarriko ditu martxan euskara ardatz nagusi izanik, kulturarekin eta kirolarekin batera

7-13 urteko 1.572 neska-mutil bizkaitarrek izango dute aukera Bizkaian 2017ko udalekuez gozatzeko. Bizkaian martxoaren 14tik 24ra bitartean aurkeztu ahal izango dira eskabideak. Bizkaiko Foru Aldundiak zazpi instalazio jarriko ditu eskola-umeen eskura: Gorlizko aterpea, Urduñako aterpea, Lapurreketako baserri-eskola, Zugaztietako aterpea, Lauaxeta ikastola, Lurraska baserri-eskola eta Legasa (azkena, Nafarroan).

Bizkaiko Foru Aldundiak «2017ko Udalekuak» kanpaina antolatu du, zenbait berrikuntzarekin. Proiektu pilotu berri bi jarriko dira martxan datorren udan. Nobedadeak udalekuak 2017 programaren aurkezpenean eman ditu Lorea Bilbao Euskara eta Kultura foru diputatuak. Prentsaurrekoan Denis Itxaso, Kultura eta Gazteriako Gipuzkoako Diputatua eta Igone Martinez de Luna Arabako Euskara, Kultura eta Kiroleko Diputatua ere izan dira, udalekuak programa hiru aldundien arteko elkarlanari esker egiten baita.

Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako foru-diputatuak aurreratu duenez, aldaketa nabarmenak egongo dira Bizkaiko Foru Aldundiaren udalekuei dagokienez. Bilbaok adierazi du "euskara beti izan da udalekuen ardatza, baina, aurten, gure hizkuntzaren erabilera informalarekin lotura zuzena duten jarduera bereziak ere egingo dira. Horrez gain, beste bi arlo landuko dira: herri kirolak eta euskal kulturaren tradizioa. Helburua udalekuetan zehar, umeok bertoko kirolen eta euskal kulturaren alderdi adierazgarrienak ezagutzea da, lantzen ari garen dinamiken eta jolas desberdinez baliatuz.".

2017ko Udalekuak kanpainan, euskarari zuzenean loturiko jarduerak egingo dira, hizkuntzaren erabilera informalean trebatzeko aukera eskainiz neska-mutilei eta haien hizkuntza-ezagutza handitzeko, jokoen eta jolasaren bitartez.

Gainera, sakonago landuko dira euskal kulturaren tradizioa eta kirola. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundia herri kiroletako jarduerak lantzen ari da: umeek herri kirolak egin ditzaten, modu dibertigarri batean kirol bakoitzaren historia eta esanahia ezagut dezaten. Beste alde batetik, euskal kulturaren tradizioan jarriko da arreta, eta, hala, neska-mutilek hainbat gauzaren berri izango dute: euskal kantak, euskal dantzak, mitologia, joko tradizionalak, musika eta ohiturak.

Lauaxetan eta Zugaztietan jarriko dira martxan jarduerok. Aurtengo proiektu pilotuez gainera, udalekuetan egin ohi diren jarduerak ere egingo dituzte.

Bizkaiak, guztira, zazpi egunetako egonaldietarako 1.572 plaza eskainiko ditu, zazpi tokitan: Urduña, Gorliz, Zugastieta (Trapagaran), Lauaxeta (Amorebieta-Etxano), Lurraska (Ajangiz), Lapurreketa (Dima) eta Legasa (Nafarroa). Beste alde batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak Zarautzen, Hondarribian, Orion eta Seguran eskainiko ditu egonaldiak, eta Arabako Foru Aldundiak, berriz, Barrian, Zuhatzan eta Valderejon. Bizkaiko neska-mutilek ere izango dute aukera beste instalazio horietara joateko, aldundien arteko plaza-trukeari esker.

Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailak, gainerako aldundiekin koordinaturik, urtero eskaintzen ditu udalekuetako plazak, helburutzat harturik aisia eta astialdiaren arloko zenbait jarduera antolatzea, Bizkaiko Lurralde Historikoko umeek natura ezagutzeko eta oporrez gozatzeko.

Kanpainaren barruan, zazpi eguneko zenbait txanda ezartzen dira, uztailaren 1etik abuztuaren 7ra bitartean, eta 7 urtetik 13 urtera arteko umeentzat. Adinaren eta hizkuntza-ereduen arabera antolatzen dira taldeak: 7-8 urte (221 plaza, euskaraz); 9-11 urte (751 plaza euskaraz eta 50 ele bitan), eta 12-13 urte (500 plaza euskaraz eta 50 ele bitan).

Bizkaian euskaraz eskainitako leku guztietatik 1.472 euskaraz dira (% 93,64) eta 100 leku, barriz, elebidunak izango dira (% 6,36).

Horrez gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak desgaitasuna eta/edo mendekotasuna duten pertsonei eskaintzen die plaza guztien % 5. Aurten, esaterako, 78 neska-mutilek izango dute aukera beren egoera pertsonalari ondoen egokitzen zaizkien instalazio eta txandetara joateko. Horrez gainera, ume horiei arreta egokiagoa eskaintzeko, instalazio bakoitzeko begiraleen osagarri, laguntza begiraleak izango dira, gehienak ere ume horiek kide diren elkarteetakoak.

2017ko Udalekuak kanpainaren tarifak Bizkaian

Foru Aldundiak plaza bakoitzaren kostuaren % 72 jartzen du, eta horregatik 121 euroko kuota izango du ume bakoitzeko.

Beste alde batetik, baliabide ekonomiko urriak dituzte kolektiboei % 85 ordainduko zaie; horrenbestez, neurri horren onuradunek 18,15 euro ordainduko dituzte zazpi eguneko egonaldi bategatik.

Familia ugariek, bestetik, % 30eko hobaria izango dute, eta, beraz, zazpi eguneko udalekuaz gozatuz gero, 84,70 euro ordainduko dituzte.

Epeak eta eskabideak

Martxoaren 14tik 24ra bitartean aurkeztu ahal izango dira eskabideak, web-orrian edo Bizkaiko foru-bulegoetan, udal-bulegoetan nahiz eskualde-bulegoetan. Web-orri berean agertzen da zein diren bulegook.

Zalantzaren bat izanez gero, 94 406 33 60 telefonora deitu dezakete interesdunek.

Zozketa

Apirilaren 24an, 11:00etan, zozketa bat egingo da, notario aurrean, aurkeztu diren eskaera guztien artean.

Zozketaren arabera ezarriko da gero plazak esleitzeko hurrenkera. Horrekin batera, plazarik lortu ez duten eskaerak itxarote-zerrendan zein hurrenkera geratzen diren ere zehaztuko da.

Euskara eta Kultura Saileko Multimedia Aretoan egingo da zozketa: Bilboko Rekalde zumardia 30, 1. solairua.

KATEGORIA

Aurrekoa Hurrengoa

Udalekuak 2017 aurkespenaren argazkia

www.gaztebizz.eus
94 406 80 00
Gaztebizzaren logotipoa

Baliozkotzea


© 2017 - Gaztebizz