Aldundiaren Logoa

Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia

GazteBizz

Gazte Bizz logoa

Honakoan zaude:

BERRIAK

Matiz elkarteak eta Aldundiak bultzatutako EquAPPeal sare sozialak berdintasunezko bikote harremanak sustatuko ditu gazteen artean

Bizkaimedia - 2017/07/11 - Jendea

Maitane Leizaola: "Proiektu berritzailea da eta identifikaturik dago Aldundiak gazteekin batera bultzatu nahi dituen balioekin"

Sarea 14 eta 29 urte bitarteko neska-mutilentzat pentsaturik dago eta haren xede nagusia da estereotipo edo aurreiritzi sexistetatik urrundutako maitasun eta bikote harremanak sustatzea, gaur egun existitzen diren bestelako harreman sareetatik bereiziz. Adin tarte horretako gazteen %99k egunero erabiltzen dituzte halako sarea sozialak. Emakunderen datuen arabera, 2016an genero indarkeria jasan duten emakumezkoen %34,4k 30 urte edo gutxiago zituzten eta biktimen %8 inguru adin txikikoak ziren. EquAPPeal proiektua hautatua izan da gazte arloko gizarte berrikuntzarako proiektuen aldeko diru-laguntzen programaren markoan 2016ko deialdian. Egitasmo hori Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen du.

Maitane Leizaolak, Bizkaiko Foru Aldundiaren Behatokiko zuzendariak, eta Sara García Urietak eta Ainhoa Itxaustik, balioetako hezkuntzan espezializatutako Matiz elkarteko arduradunek, ezagutzera eman dute gaur goizean EquAPPeal proiektua, alegia, 14 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutako sare sozial birtuala, maitasunezko eta berdintasunezko bikote harremanak sustatzeko xede duena, estereotipo eta aurreiritzi sexistak hautsiz. Ekimena hautatua izan da gazte arloko gizarte berrikuntzarako proiektuen aldeko diru-laguntzen programaren markoan 2016ko deialdian. Egitasmo hori Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen du.

Estereotipo eta aurreiritzi sexistez nekaturik dauden gazte eta nerabeei zuzendutako sare sozial gisa diseinatu da. EquAPPeal sarearen izenak hitz joko bat egiten du "sex-appeal" termino anglosaxoiarekin, "berdintasunezko erakargarritasunari" men eginez. Eremu birtual bat da, harremanak lantzeko eta iritziak, esperientziak eta kezkak partekatzeko maitasun eta bikote harremanei buruz, horietaz ahalik eta gehien gozatzeko. "Proiektu berritzailea da, arlo digitalean ezagutzen ditugun harreman edo erlazio sare sozialez bestaldekoa, eta, gainera, ikusi dugu guztiz identifikaturik dagoela Foru Aldundiak gazte jendearekin batera bultzatu nahi dituen balioekin", nabarmendu du Maitane Leizaolak. "2017an egindako Euskadiko Gazteriaren Egoeraren Diagnostikoaren arabera, 15 eta 29 urte arteko gazteen %99k sare sozialen bat erabiltzen du; horietatik %97,5ek egunero erabiltzen du. Beraz, gazteenganaino iritsi nahi badugu, ezinbestekoa da kanal horien bidez egitea".

Sareen erabilera datu horiei genero indarkeriarenak gehitu behar zaizkie. Emakunderen datuen arabera, 2016an genero indarkeria jasan duten emakumezkoen %34,4k 30 urte edo gutxiago zituzten eta biktimen %8 inguru adin txikikoak ziren, nerabeak, alegia. "Zenbakiek berez hitz egiten dute eta hezkuntzaren profesionalak berebiziko erronka baten aurrean jartzen dituzte, gazteei indarkeriarik gabeko berdintasunezko harremanak eratzen laguntzeko erronkaren aurrean, hain zuzen ere", azpimarratu du Sara Garcíak, Matiz elkarteko arduradunetariko batek. Zehatzago, Matiz elkartea gaur egun sendoen bultzatzen ari den lan ildoetariko bat da sexuen berdintasuna, bai eta gazteen eta nerabeen artean genero indarkeria prebenitzeko eginkizuna ere.

Testuinguru horretan, EquAPPeal aplikatiboa sortu da, elkarreraginetarako hiru eremu edo sekzio nagusitan hedatzen dena: horma, foroa eta kontsultak. Horma testuak, bideoak, irudiak edo audio artxiboak askatasunez partekatzeko tokia da, eta bertan gazte jendeak bere adostasun edo desadostasuna azaldu ahalko du jorratzen diren gaiekin. Foroan, gazteek beren esperientziak, zalantzak eta iritziak partekatzen dituzte gai garrantzitsuei buruz, sexu eta bikote harremanekin eta sare sozialen erabilerarekin erlazionatutako zenbait gaitatik abiatuz (hala nola bikotekideen jelosia, jazarpena edo kontrola). Une honetan gaikako 7 eztabaida daude zabalik. "Garrantzi handikoa da azpimarratzea gazteek eurek kontrolatzen duten eremua dela; izan ere, haiek dira ideia bat galdetzen edo partekatzen dutenak eta, aldi berean, erantzuten edo erantzuna ematen ahalegintzen direnak", zehaztu du Matiz elkarteko Ainhoa Intxaustik. "Eta, gainera, eduki bat salatzeko aukera dago, desegokitzat jotzen bada edo plataformako balioen kontrakoa bada".

Elementu berritzaile gisa, horma eta foroa sekzio pribatu batez osatzen dira, gazteak isilpekotasun osoarekin Matiz taldeko profesionalei helarazteko bikote, sexu nortasun edo adiskidetasun gaiei buruzko zalantzak, betiere gaien gaineko orientabide eta laguntza profesionala eman diezaieten sekretu osoarekin. "Ikusita geneukan zenbait gai edo kezka tintontzian geratzen zirela, gazteak ez baitziren ausartzen foro edo hormaren gisako espazio irekian planteatzera; hori dela eta, ulertu dugu behar-beharrezkoa zela kontsulta pribaturako eremu bat eta aholkularitza profesionalarekin, gazteek hara jo dezaten zalantzak argitu ahal izateko", aipatu du Ainhoa Intxaustik.

EquAPPeal aplikazioak eskuragarri dago Googel Play eta Apple Store-n, Android eta IOS sistema eragileak dituzten mugikorretan doan jaitsi ahal izateko. Matiz elkartearen arduradunen hitzetan, "udaren hasiera eta jai egutegien eta aisialdi espazioen irekiera aprobetxatuz, gazteenen artean aplikazio hau abiarazi eta ezagutzera eman nahi dugu, eraso sexistak prebenitzeko eta berdintasunezko harremanak bultzatzeko lanabes gisa".

Proiektu berritzailea gazteei begira

2016an, Bizkaiko Foru Aldundiak lehenengoz argitaratu zuen diru-laguntzen dekretu bat gizarte berrikuntzako ekimenak babesteko gazteen arloan. Guztira, 21 proiektu aurkeztu ziren; horietatik 9 hautatu ziren eta horietariko bat EquAPPeal izan zen. Helburua da irabazi asmorik gabeko erakundeek bultzatutako ekimen berritzaileak babestea, Bizkaiko gazteen artean ideia edo molde berriak garatzeko eta abiarazteko. Hau da, gazteen eta gizarte zibileko erakundeen artean sorkuntzan eta lankidetzan oinarritutako proiektu berritzaileak diruz laguntzea, betiere gizarte berrikuntzako proiektutzat hartuz gizartearentzat ez ezik pertsonen jokabide gaitasuna ere hobetzen duten jarduketentzat onuragarriak diren egitasmoak.

Aurreko ekitaldian lortutako emaitza onak ikusita, Bizkaiko Foru Aldundiak berriro ere abiarazi du deialdi hau, eta aurrekoaren aldean berrikuntza izango da proiektuak 2017 eta 2018ko ekitaldietan garatu ahalko direla. "Gazteentzat aukera sortzen jarraitu behar dugu", nabarmendu du Maitane Leizaolak, eta "are gehiago aurten, Foru Aldundiarentzat hain garrantzitsua den urtean; horregatik, Bizkaia Goazen gure leloa Bizkaia Goazen Gazteak leloarekin osatu dugu. Eta buru-belarri jardun dugu Bizkaiko aukera guztiak gazteen esku jartzeko eta lankidetza eta sorkuntza espazioa sortzeko, aukerak gazteentzat eta, bereziki, gazteekin batera sortzeko", azpimarratu du Bizkaiko Foru Behatokiko zuzendariak.

Gazteen arloan gizarte berrikuntzako proiektuak diruz laguntzeko eskaerak aurkezteko epea datorren uztailaren 21ean amaituko da.

Matiz elkartea

Balioetako hezkuntza ematen duen Matiz elkartea irabazi asmorik gabeko erakundea da, Bizkaian du egoitza eta orain dela bost urte sortu zen. Gizarte eta hezkuntza arloan eta garapenaren aldeko lankidetzan ibilbide luzea egina zuten gizarte hezitzaile eta langileen talde baten kezkaren ondorioz sortu zen; izan ere, haien ustetan, ezinbestekoa zen balioetako hezkuntza balioestea eta nabarmentzea, justizia soziala eta elkartasuna bultzatzeko lanabes gisa. Matizen azken helburua, estatutuetan jasotzen dena, honakoa da: herritar inplikatu, gogoetatsu eta kritiko baten existentzia sustatzea garaian garaiko arazoekin, elkarbizitza arduratsu, aktibo eta konpromisoduna aldezteko garapen ekonomiko, sozial eta iraunkor baten markoan.

Matizek diziplina askotako taldea du eta hezkuntzaren eremu guztietan egiten du lan: formalean, ez-formalean eta informalean. Kolektibo guztiei zuzenduta egonagatik ere, elkartearen interes nagusia da haurrengan, nerabeengan eta gazteengan eragitea, hausnartzeko eta jarduteko gaitasun handia duten kolektiboak eratzearren.

KATEGORIA

Aurrekoa Hurrengoa

EquAPPeal

www.gaztebizz.eus
94 406 80 00
Gaztebizzaren logotipoa

Baliozkotzea


© 2017 - Gaztebizz