Gaztebizz.eus helbideak cookie-ak erabiltzen ditu, bereak zein hirugarrenenak, zerbitzua hobetu eta nabigazio ohiturei buruzko informazio estatistikoa lortzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu haien erabilera onartzen duzula ondorioztatuko dugu. Informazio gehiago nahi izanez gero Cookie-en atala kontsulta ezazu.

Aldundiaren Logoa

Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia

GazteBizz

Prestik Logoa

Honakoan zaude:

BERRIAK

ALDUNDIAK OSO BALANTZE POSITIBOA EGIN DU BBK FUNDAZIOAREKIN BATERA ANTOLATU DUEN GAZTE LANBIDEAREN AZOKAREN INGURUAN

Bizkaia.net - 2012/11/08 -Enplegua

10.067 gazte joan dira Euskalduna Jauregira PRESTIK’ 12 azokaren bi egunetan.

Gazte Lanbidearen Azokan parte hartu duten enpresek 500 topaketa informal eta lan-elkarrizketa baino gehiago egin dituzte Bizkaiko gazteekin.

Eduardo Elorriagaren Hermeneus proiektuak irabazi du Elevator Pitc lehiaketa; saria bidaia bat da, Kaliforniako Silicon Valley ezagutzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak oso balantze positiboa egin du PRESTIK’ 12 Gazte Lanbidearen Azokaren inguruan. BBK Fundazioarekin batera antolatu du azoka hori, lan aukera baten bila dabiltzan edo, lan merkatuan sartzeko aukera gehiago izateko, beren prestakuntza hobetu nahi duten Bizkaiko gazteei orientazioa eskaintzeko.

Guztira, 10.067 gazte joan dira egun bi hauetan Bilboko Euskalduna Jauregira. Egun horietan, parte hartu duten enpresek 500 topaketa informal eta lan-elkarrizketa baino gehiago izan dituzte 30 urtetik beherako gazteekin. 2009an, 5.000 bisitari egon ziren; eta PRESTIKen 2010eko edizioan, berriz, 6.000.

Zehazki, Meeting Gunean, gure inguruko 6 enpresa eta erakunde ezagunek (Tecnalia, IK4, GAIA, HEGAM, GESTAMP Automoción y ACICAE) 250 elkarrizketa informal egin dituzte Bizkaiko 100 gazterekin (Lanbide Heziketako 50 ikasle eta unibertsitateko 50 ikasle).

Baina, horrez gainera, Bizkaiko Foru Aldundiaren erakustokian, lanerako 216 elkarrizketa egin dira aldez aurretik www.prestik.net eta www.gaztebizz.eus web orrietan aukeratutako Bizkaiko gazteekin. Orain, enplegua eskaintzen duten enpresek elkarrizketa horietan lortutako curriculumak eta datuak aztertuko dituzte, 40 lanpostu inguru betetzeko kontratazioaz erabakitzeko.

Bestalde, EURES sareak 1.800 kontsulta baino gehiago jaso ditu, Europar Batasuneko zenbait herrialdetan lana topatzeko dauden aukerei buruz, eta lanerako 71 elkarrizketa kudeatu ditu euskal gazteekin, Frantzia (15 elkarrizketa), Noruega (36) eta Holandako (20) enpresetan lan egiteko.

30 jarduera baino gehiago

Gazte Lanbidearen Azoka honen hirugarren edizioak izan dituen bi egunetan, 30 jarduera baino gehiago egin dira inskribatu diren 4.100 pertsonekin.

Egin diren jarduera gehienetan bete egin da ezarritako gehieneko kopurua. Haien artean, nabarmentzekoa da jarduera hauek izan duten arrakasta: Dona Pacek pentsamendu sortzaileari buruz emandako hitzaldia, ikasle, enpresa eta langileentzat; Juan Merodioren hitzaldia, sare sozialek eta 2.0 tresnek ekiteko duten garrantziari buruzkoa; Pep Torresen tailerrak, izpiritu ekintzailea sustatzeko; Lana bilatzearen lana tailer-eskola, edo Zalantza Dantza, zer ikasi? antzerki didaktikoa.

On line emanaldia

Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saileko Gazteria arloak Gazte Lanbidearen Azokaren edukiei buruzko zuzeneko emanaldiak egin ditu, bere web orrien bidez (www.prestik.net eta www.gaztebizz.eus). Guztira, 18 orduko emanaldia izan da, on line; PRESTIK’12 azokan inplikatutako pertsona gehienak elkarrizketatu dira (40 elkarrizketa): txostengileak, hizlariak, moderatzaileak, enpresetako ordezkariak, erakundeetako ordezkariak, etab. On line emanaldiak 3.695 bisita izan ditu guztira.

Elevator Picht

Beste alde batetik, Eduardo Elorriagaren Hermeneus proiektuak irabazi du Elevador Picht lehiaketa berria; web orriaren bitartez aukeratutako 10 proiektuen artean enpresa-proiekturik onena bilatzea zen lehiaketaren xedea.

www.hermeneus.es proiektuaren zuzendari nagusi eta fundatzaileak honela definitu du bere enpresa-proiektua: elikaduraren merkatu lokala, interneten digitalizatua eta globalizatua. Web orri honetan, kontsumitzaileak harreman zuzena du lehen ekoizleekin, eta zuzenean eros ditzake produktuak, adierazten duen helbidean jasotzeko. Hermeneus proiektuak aukera hauek ditu: gune geografikoen edo produktu motaren arabera erosteko, ohiko erosketa-saskiak egiteko, kontsultak, etab.

Eduardo Elorriagak bi lagunentzako bidaia bat irabazi du, Kaliforniara joateko, teknologiaenpresen mekara: Silicon Valley.

Balantze oso positiboa

Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko diputatuak oso balantze positiboa egin du PRESTIK’ 12 azokaren garapenaren inguruan. Zehazki, oso pozik agertu da bisitari asko egon direlako ­-pentsatutako aukera guztiak gainditu dira-, eta azokak argi utzi duelako, egoera zaila izan arren, Bizkaian eta Euskadin badaudela aukerak: prestakuntza-profil ona duten gazteen bila dabiltzan enpresak daude.

Hori dela eta, Imanol Pradalesek erantsi du gazteak animatu behar direla hezkuntzan eta prestakuntzan inbertitzen jarrai dezaten, haien laneko eta arlo profesionaleko etorkizunerako bermerik onena baita. Gazte konprometituak, gazte aktiboak, arriskatzeko prest dauden gazteak, ekiteko prest daudenak, ausartak izateko eta autoenpleguaren alde egiteko gazteak behar direla esan du. Hau da, lanerako aukera bat bilatzeko eta aukera hori aurkitzeko prestakuntza izateko konpromiso duten gazteak behar dira.


Prestik, sari banaketa

Prestik Txostena
www.gaztebizz.eus
94 406 80 00
Gaztebizzaren logotipoa

Baliozkotzea


© 2019 - Gaztebizz