Gaztebizz.eus helbideak cookie-ak erabiltzen ditu, bereak zein hirugarrenenak, zerbitzua hobetu eta nabigazio ohiturei buruzko informazio estatistikoa lortzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu haien erabilera onartzen duzula ondorioztatuko dugu. Informazio gehiago nahi izanez gero Cookie-en atala kontsulta ezazu.
Omako basoa ikustea, artea eta ingurune naturala bateratzea da. Kortezubin dago, Santimamiñetik gertu eta Urdaibairen barne.
Zer ikusi dezakegu bertan?
Ibarrolak kolore biziak eta lauak erabili zituen Omako Basoko bostehun pinu ingurutan dauden 45 irudiak pintatzeko. Motibo oso ezberdinak erabili zituen: irudi geometrikoak, pertsonak, animaliak, begiak, ostadarra...
Basoan zehar dauden irudiak hainbat zuhaitzez osaturik daudenez, ikuspuntu zehatzetatik begiratu behar da, irudiak behar bezala ikusteko.
Ibar protoindustriala
Omako errekako urek lau errota ezberdinen gurpilak mugitzen zituzten: Olakoerrotakoak, Goikoleakoak eta Bolinzuloko errota bitakoak.
XVI. mendeko baserriak
Andikoetxea eta Beaskoetxea baserriak dira zaharrenak: arku gotikoak dituzte eta XV. mende amaiera edo XVI. mende hasierakoak dira. Ikuspegi arkitektonikotik, Zierre baserria (XVI. mendea) oso balio handikoa da, zurezko, adreiluzko eta harrizko egitura duen fatxada baitauka. Formen edertasunagatik, ordea, Omagogeaskoa baserria (XIX. mendea) nabarmendu behar da, aurreko aldean arku-forma duen atari handi bat baitauka.
Iragazi egiten duten harriak
Basondo eta Oma ibarretako lurzorua kareharrizkoa da; itsasoko koral zaharren metaketaren ondorioz sortutako arroka oso iragazkorrak ditu. Eta horien gainean, aldapa handiena duten tokietan, artadi kantauriarrak hazten dira. Lur azpian, haitzuloz eta putzuz osatutako nahastean zehar doa ura, Gernikako Itsasadarrera helduz.
Nola heldu?
Gernika-Lumon, Lekeitiorako norabidea duen BI-638 errepideko saihesbidea hartu Barrutiako biribilguneraino. Gero BI 2238 errepidea hartu eta Idokiliz auzoa pasatu ostean BI 4244 errepidera doan eskuineko saihesbidea hartu behar da. Errepide honen amaieran dago Lezikako aparkalekua.
Informazioa eta erreserbak
Bizkaiko Foru Aldundiak Omako baso margotua eta ibarra bera ezagutzeko bisitaldi gidatuen kanpaina jarri du abian.
Bisiten ordutegia asteazkenetik igandera artekoa da, 11:30etatik 17:00ak arte.
Bisita eskatzeko nahitaezkoa da aurrez erreserba egitea:
Halaber, bisitaldiak norberak gidatuta egiteko aukera eskaintzen da. Horretarako audiogidak eta zeinugidak daude; horiek informazioa emateko Santimamiñeko txabolan eskatu behar dira.